ATZERA BEGIRAKOA
Erakusketa honen bitartez, atzera begirakoa egiten diogu Argazkigintza Humanitarioko Luis Valtueña Nazioarteko Sariketa 1997. urtean egiten hasi ginetik honako ibilbideari. Munduko Medikuak elkarteak urtero antolatzen du argazki-sariketa hori. Urteotan, 40 mila argazki inguru aurkeztu dira, gutxienez munduko 95 herrialdetako 6 mila argazkilarik baino gehiagok ateratakoak. Argazki horietatik guztietatik, edizio bakoitzeko bat aukeratu eta sariketaren atzera begirakoa atondu dugu, komunikazioa eta kultura aldaketa eta justizia sozialerako tresnak direla uste baitugu. Munduko Medikuak elkartearen kontzientzia- eta memoria-ondarea dira argazkiok, gizartearekin partekatzeko.
Argazkigintza Humanitarioaren historiako 12 argazki erakusgarriz osatutako Atzera Begirakoa atondu dugu Kultura, Communication y Desarrollo (KCD) GGKErekin elkarlanean. 12 argazkirik indartsuenak aukeratu ditugu, sariketaren historian zehar aurkeztutakoen artean.
Erakusketa hurrenkera kronologikoan dago atondua eta ez da besterik munduko hainbat lekutatik iritsi diren gai eta gertaera garrantzitsuenen balantze labur halako bat baino. Baina, era berean, bada oraindik indarrean dauden gaiei buruzko hausnarketa eta kontzientzia eragiteko modua ere, ahazturik gera ez daitezen.
Munduko Medikuak elkarteak antolatutako sariketan erakutsitako argazki-lanen lagina da, ikuspegi desberdinak eskainiz denetariko kausa sozialen gainean: migrazioak, osasuna, klima-krisia, gatazka armatuak, gizarte-bazterkeria, genero-indarkeria, besteak beste. Argazkiok ezinezko bihurtzen dute ikusten dugun hori ahaztea, eta begien aurrean jartzen diguten errealitateari begira jartzen gaituzte, galderak egitera gonbidatzen gaituzte.
Luis Valtueña Saria omenaldia ere bada, gatazka armatuetan biztanleria zibilari laguntzen zihardutela eraildako kooperante guztiei egindakoa. Ediziorik edizio omenaldia egiten diegu gure lankide kooperante ziren Mercedes Navarro, Manuel Madrazo, Flors Sirera eta Luis Valtueñari (azken hau argazkilaria ere bazen). Laguntza humanitarioa ematen ari zirela hil zituzten Bosnia-Herzegovinan (1995) eta Ruandan (1997).
Horiek dira sariketa honen DNA, egin-eginean gogotara ekartzen baitizkigute bizia arriskutan jarriz munduko hainbat lekutan diharduten giza langileak eta kazetari-argazkilariak. Horren erakusgarri Gazan gertatzen ari dena, non, gertuko historian behinik behin, hildakoen zifra handienak pilatzen diren –gutxi gorabehera, prentsako 174 langile eta 126 giza langile erail dituzte, lan hau argitaratu orduko behintzat–, zergatik eta gerrek edo hondamendi naturalek jotako ahulenen egoera dokumentatzeko ahaleginean jarduteagatik.
Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da fotokazetaritza.
Informazio gehiagotarako: www.premioluisvaltuena.org

ARGIRATZ BIDAIATZEN (Mauritania, África, 1998)
Hori bai zoriona emakume honena, betaurreko soil batzuk jarri dituenean! Orain argi ikus dezake lehen ikusi ezin zuena! Mauritanian gogorra izan ohi da bizimodua, eta luzaroan egoten dira eguzkitan, bero itzelarekin. Horrek kalte larriak eragiten ditu begietan, kanpoko laguntzarik gabe nekez konpondu daitezkeenak.
Egilea: Enrique Pimoulier Laspeñas (España)
EMAKUME AFGANIARRAK (Afganistán, 2006)
Kabulen emakume afganiar talde bat, emakumeek boto eskubidea izan zuten lehen hauteskunde demokratikoen egunean. 2001ean talibanen erregimena erori zenean, aldaketarako bidea ireki zen emakumeen eskubideen mesederako. 20 urte geroago, talibanak boterera itzulitakoan, emakumeei murrizketa zorrotzak ezarri zaizkie, besteak beste, ikasteko, lan gehienetan lan egiteko, gizonezko tutorerik gabe bidaiatzeko. Emakume ekintzaile asko bortizki erreprimitu dituzte manifestazio baketsuetan parte hartzeagatik. Ezereztu egin dira bi hamarkadatan, arian-arian, eten gabe, apurka-apurka, lorturako aurrerapenak, eta milioika emakume geratu dira isolaturik, ziurgabetasunean eta isilarazirik.

Egilea: Lana Kristina Šlezić (Canadá)

INGURUMEN MIGRANTEAK (Mongolia, 2011)
Mongoliako neguak gero eta gogorragoak dira, −50 °C‑ko tenperaturak ere izaten baitira, eta horrek abereak elikatzea zailtzen duenez, milaka artzain behartzen ditu bizimodu tradizionala utzi eta Ulan Batorrena migratzera. Nazio Batuen datuen arabera, hiriek hazten jarraituko dute klima-aldaketaren ondorioz, eta ingurumen-migrazioak giza larrialdi bihurtuko dira. Desplazamendu horien %90 gutxien garatutako herrialdeetan izango da, landa-eremuetatik hiri-eremu degradatuetara. Irudian, Erden Tuyak, 29 urtekoak, hotzaren ondorioz hildako ardi bat darama narran ehorzlekura.
Egilea: Alessandro Grassani (Italia)
INFERNUAREN ERDIAN. SIRIAR ZIBILAK GERRAN (Ciudad de Alepo, Siria, 2012)
Kalkuluen arabera, ia 500 mila petsona hil dira Sirian 10 urte baino gehiagoko gerra zibilean. Apeloko hiriaren setioa izan zen gatazka horretako pasarterik odoltsuenetako bat. Irudian, Saif af Dawle auzoan suntsitutako eraikinen ikuspegi orokorra ikusten da.

Egilea: Maysun Abu-Khdeir (España)

PASAIA SAMINGARRIAK (Melilla, 2014)
2014ko urriaren 22an, 11:15ak aldera, Melillako hesiaren gainetik salto egin zuen etorkin talde batek hiriko golf-zelai polemikoaren ondoko gune batean. Egoera zentzugabea zen: espazio fisiko txiki batean, batetik, hamar bat etorkin hesi gainean, beldurtuta, eta, bestetik, handik metro gutxira, emakume golf-jokalari batzuk lasai, gertatzen ari zenarekiko axolagabe. Ceuta eta Melilla dira Afrika eta Europaren arteko lehorreko mugakide bakarrak. Izugarriak dira migrazio-tentsioak eta desberdintasun ekonomikoak. Bertan, Europa osoan bezala, azkenean onartu egiten da axolagabekeria, bestelakorik ez balego bezala.
Egilea: José Palazón (España)
BIZI-INDARRA, MAITASUNAK SALBATZEN DUENA (Argentina, 2017)
Jorgek, 38 urtekoak, eta bere alabatxo Angelesek, 5 urtekoak, goizean jaiki eta elkarrekin igarotzen dute denbora. Jorge sortzetiko malformazio batekin jaio zen, talidomidaren ondorioz. Botika hori inolako farmakozaintza-protokolo sanitariorik gabe eman zioten amari, Jorge jaio baino urtebete lehenago. Gainera, begi-patologia bat du, pterigionak hain zuzen, tratamendu espezializaturik ez izateagatik larriagotu zaiona. Argentinako babes instituzionalik ezaren errealiatea da, bereziki, baliabide ekonomiko gutxi eta desgaitasuna duten pertsonengan eragiten duena. Jorge eta bere familia ametsez betetako pertsonak dira; diagnostiko baten etiketatik harago, maitasun-loturak dira bizitza sustatzeko indar sendagarririk onenak.

Egilea: Constanza Portnoy (Argentina)

BIZITZA ETA HERIOTZA MEDITERRANEOAN (Costa de Libia, 2018)
2018ko uztailaren erdialdetik abuztuaren amaierara bitartean, Proactiva Open Arms GKE espainarra izan zen erakunde bakarra Libiatik ihesean Mediterraneo itsasoa itsasontzi hauskorretan zeharkatuz zetozen migratzaileak erreskatatzeko lanetan. Irudian, 2018ko abuztuaren 9an, Mediterraneo itsasoan erreskatatutako pertsonak erreskate‑ontzian itxaroten, Algecirasko portura iritsi aurretik.
Egilea: Juan Medina (Argentina)
AMA SUBROGATUA (Irán, 2021)
Uteroen alokairuaren Legea 2004an onartu zen Iranen, antzutasunari “aurre egiteko” neurri gisa, Iranen bost bikotetik bati eragiten dion arazoa da-eta. Zahrak 29 urte eta hiru seme-alaba ditu. Etxetik kanpo lan egiten duen arren, familiak arazo ekonomikoak ditu. Duela hilabete batzuk, bikote gazte bat ezagutu zuen. 4 urte zeramatzaten ezkonduta, seme-alabarik izan ezinik. Diru-estukurak itota, Zahrak fetua uteroan eramatea onartu zuen diru truke. Diru horrekin haurdunaldiaren kostuak ere ordaindu behar ditu. Zahrak min handiak ditu, baina bere gelan sartuta, isilean, jasaten ditu, seme-alaben ezkutuan.

Egilea: Mohsen Kaboli (Irán)

ADINEKOEN BAKARDADEA (Cataluña, España, 2020)
Kataluniako adinekoen egoitzak, 2020ko martxoan eta apirilean pandemiaren ondorioz deklaratutako alarm-egoeran, Espainiako osasun-larrialdiko puntu beltzenetako bat izan ziren. Datu ofizialen arabera, Espainia izan zen munduan Covid-19ak gehien kaltetutako herrialdeetako bat, Estatuan 32.000 pertsona baino gehiago hil zirelarik. Hildako horien bi heren adineko pertsonak izan ziren: 20.000 baino gehiago hil ziren Espainiako egoitzetan koronabirusaren ondorioz, gehienak isolatuta eta senideei agur esan ezinik.
Egilea: Santi Palacios (España)
PERU, ESTATU TOXIKOA (Perú, 2021)
Peru Latinoamerikan liderra da urre, zilar eta berun ekoizpenean, eta mundu mailan bigarrena kobre ekoizpenean. Meatzaritza esportazioen %60 da Perun eta BPGaren %9ra heltzen da. Baina ingurumena narriatu egin du eta Andeetako komunitate natiboak kaltetu egin ditu. Ayavirin, uraren kutsadurak esne-ekoizpena murriztu egin zuen eta tokiko gazta-merkatua kaltetu. Gainera, lehorteak lurra antzu bihurtu du, eta inguruko nekazaritza eta abeltzaintza nabarmen kaltetu ditu.

Egilea: Alessandro Cinque (Italia)

MIGRANTEAK DARIÉN TAPOIA ZEHARKATZEN (Entre Colombia y Panamá, 2022)
Luis Miguel Ariasek, 27 urteko venezuelarrak, eta Melissa Arias haren lau urteko alabak, bi egun daramatzate Darien Tapoia (Kolonbia eta Panama artean dagoen oihan zarratua) zeharkatzen. Nekatuta daude eta atsedena hartzen asi dira. Oihana zeharkatzeko, 10-12 egun behar izaten dira. Milaka migratzaile, gehienak Venezuelatik etorriak, saiatzen dira Darien oihana zeharkatzen, Estatu Batuetara iristearren. Nazio Batuen arabera, 2015etik, 7 milioi venezuelar baino gehiagok egin dute bertatik ihes, batez ere Hego Ameriketako beste herrialde batzuetara, Venezuelako exodoa munduko handienetako bat da, Ukrainako eta Siriako gerrek eragindakoen parekoa edo.
Egilea: Federico Ríos (Colombia)
AHANZTURARENTZAKO TOKIRIK EZ (Huelva, España, 2022)
Huelva, errepresio franquistak gehien kolpatutako probintzia andaluziarretako bat da, bertan 126 hobi eta 10.000 biktima baino gehiago baitaude. Nervak Espainako landa-hobi handiena du. 800 gorpu edo gehiago daude bertan ehortzita. Egia, Justizia eta Erreparazio garaia da. Ahanzturak ezin dezake tokirik izan garaiotan. Doluaren erretratu, leku edo aurpegi bakoitzak iragana berreskuratzen laguntzan du. Irudian, Miguel Hernández poetaren argazki baten proiekzioa ikusten da espetxeko gela baten barruan. 1939ko apirilaren 30ean Mouran (Portugal) atxilotu zuten, Espainiatik ihes egiten saiatzen ari zela.

Egilea: María Clauss (España)

SETIOA ETA GOSETEA (Palestina, 2024)
“Gazako gosete-estrategiak” (hala definitzen du egileak), bi milloi pertsona baino gehiago jotzen ditu gogor, desnutrizioa eragiten du eta populazio osoaren osasun fisiko eta mentala larri kaltetzen ditu, haurrena batez ere, elikagai egokien faltagatik.
Irudian, Gazako Zerrendan, Jabaliako errefuxiatu- eremuan, palestinarrak ilaran daude janaria jasotzeko zain, Ramadan garaian, musulmanen baraualdi hilabete santuan.
Egilea: Mahmoud Issa (Palestina)