¿Baliabideak ala hondakinak?

Klima-larrialdia eta muturreko gertakariak eguneroko errealitate bihurtu dira planeta osoan. Afrikan, beroketa eta haren ondorioak munduko batez bestekoa baino azkarrago aurreratzen diren kontinentean, hiri handiek erronka nagusi bati egin behar diote aurre: biztanleriaren hazkunde azkarra kontrolatzea, nagusi den urbanizazio kaotikoa planifikatzea eta hondakin kopuru erraldoia kudeatzea.

Dakar hiria adibide argia da klima-aldaketaren aurkako borrokan eta CO₂ emisioak murrizteko irtenbide zehatzak bilatzeko konpromisoan. Ekintza klimatiko urbanoak sustatzeko eta energia berriztagarrien erabilera errazteko helburuarekin, Senegalgo hiriburua esperimentazio-eszenatoki bihurtu da, non hainbat ekimen batzen diren: administrazio publikoetatik, gizarte zibilaren elkarteetatik eta GKEetatik sortutakoak. Proposamen anitz eta berritzaileek eredu berri bat marrazten dute eta paradigma aldaketa beharrezkoa iradokitzen dute hirien hazkundeari modu jasangarrian aurre egiteko. Dakar hazi-leku egokia da munduko antzeko erronkak dituzten beste hiri batzuek inspirazioa har dezaten eta jasangarritasunean oinarritutako garapen urbano baterako diseinatutako ekintza klimatikoak erreplika ditzaten.

Erakusketa honek, gaur egun Dakarren garatzen ari diren proposamenetako batzuk erakusten ditu. Bertan, sektore publikoa eta pribatua elkarrekin ari dira lanean irtenbide sortzaile eta berritzaileak bultzatzeko, klima-aldaketaren eragina geldiarazteko eta energia garbiak sustatzeko helburuarekin. Proiektu eta ekintza klimatiko zehatzen bidez, Afrikako hiriek beren espazio urbanoak berrasmatzen dituzte: bizigarriagoak, egokituagoak eta klima-larrialdiaren aurrean erresilienteagoak bihurtzen dituzte. Zientzia, ikerketa, teknologia eta ekintza soziala uztartzen dira hiri-hondakinak hiri-altzari bihurtzeko, hondakin organikoak ongarri eta biogas bihurtzeko espazio publikoak argitzeko, plastikozko hondakinak objektu funtzional berrietan birsortzeko, hondakinetatik artea sortzeko eta tokiko eta organikoak diren materialekin –lurrarekin edo typharekin, adibidez– eraikuntza jasangarriagoa sustatzeko. Proposamen hauen aberastasunak eta aniztasunak Dakar mundu mailako abangoardian kokatzen du klima-aldaketaren aurkako borrokan eta planetaren beroketa gelditzeko egokitzapenean.

Erakusketa hau KCD GGKEk eta Marta Moreirasek prestatu dute Bilboko Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiaren 17. edizioaren baitan: ¨Film Sozialak¨.

To top
This site is registered on wpml.org as a development site. Switch to a production site key to remove this banner.