GIZA ESKUBIDEAK

Silvia Gutiérrez Vallejo


Jarduneko abokatua da 2003az geroztik, eta Bilbon du bulegoa. Eremu hauetan dihardu: zuzenbide penala, zibila (familiaren eta adingabeen arloa), fiskala, emakumeen gaineko indarkeria eta atzerritartasun-zuzenbidea. Egun, Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuaren Gobernu Batzordeko kide da, eta Atzerritartasun Zuzenbideko eta Espetxe Zuzenbideko azpibatzordeetako kidea Abokatuen Kontseilu Nagusian. Laneko esparrutik kanpo, atzerritartasun-zuzenbidearen eta giza eskubideen inguruko prestakuntza-saioak eman dizkie administrazio publikoetako eta erakundeetako kideei.

Isabel León Granell 


Euskadiko edukien eskualdeko zuzendaria Cadena SER irrati-katean. Hoy por Hoy Euskadi irratsaioko editorea. Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna Nafarroako Unibertsitatean, eta Globalizazio eta Garapeneko Masterduna EHUn.

Julen Nafarrate Aurrekoetxea


Kazetaria, kultura, zinea eta euskararen arloan ari da hainbat proiektutan. Berria, Gara eta UK-Hiruka hedabideetan lan egiteaz gain, komunikazio arloan lan egiten du Bilboko Zinegoak jaialdian, Donostiako Zinemaldian, Durangoko Azokan eta abar. Ines Bermejo artistarekin batera, “Gu ere bagara” proiektuaren sustatzailea da, Getxoko LGTBIQ+ nagusien kontatu gabeko istorioak bildu dituena. Gernika-Palestina sareko kidea da, Palestinar herriari elkartasuna adierazi eta Israelen politika genozidak salatzea helburu duena.

KULTURARTEKOTASUNA

Santos Arrieta Galey


Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da, eta MBA ikasketak egin ditu, baita Pertsonen eta Taldeen Kudeaketako Masterra ere. Aniztasuna, generoa eta nazioarteko lankidetza. Berdintasunaren aldeko Zirgari Sarietako bat jaso du, maskulinitateen arloan. Gaur egun, ZAS! deritzon zurrumurruen aurkako euskal sareko zuzendaritza-batzordeko kide da, erakunde publikoen eta pribatuen arteko hainbat saretan hartzen du parte migrazioen esparruan, eta parte-hartze aktiboa du gizarte-eremuko sare- eta komunitate-lanean. Azken 15 urteotan Munduko Medikuak erakundeko koordinatzailea da Euskadin. Erakundeak jorratzen dituen arloen artean, hauek daude, besteak beste: komunitate-osasuneko programak, migrazioak, genero-indarkeriak, gizarte-eraldaketarako hezkuntza, nazioarteko lankidetza eta laguntza humanitarioa. Eta, batez ere, erronka sozialen konektore komunitarioa da pertsonen, erakundeen eta proiektuen artean.

Esther Ogunleye


Kazetaritzan lizentziaduna EHUn, bai eta irrati-esataria, aurkezlea, sare sozialetako eduki-sortzailea (@saugga) eta DJa ere. «Esther Saugga» izenez da ezaguna, eta Kamanga Influencers Clubeko lehendakaria da 2023tik. San Frantzisko auzoan (Bilbon) eduki digitalak sortzeko gunea da klub hori. Horretarako tresnak eta baliabideak eskaintzen dituzte bertan, gazteen artean eten digitala desagerrarazteko xedearekin. Bideoak eta film laburrak egitea atsegin du, editatzea eta sorkuntza-prozesuaz gozatzea, eta bere ezagutza beste pertsona batzuekin partekatzea ere bai. Komunikazioa, ikus-entzunezkoen mundua eta artea eskutik doazela deritzo. Hori dela eta, gustuko du denetik egitea eta jakitea.

Malena Pineda Aguirrezabal


Gizarte Lanean graduduna Deustuko Unibertsitatean. Esperientzia zabala du kulturartekotasunaren esparruko boluntario-lanean. Limako (Peru) hezkuntza-proiektuetan —Paz y Esperanza elkartearekin— eta Kenyako eta Finlandiako nazioarteko boluntario-lanetan jardun du profesional gisa, giza eskubideekin, bakearen kulturarekin eta demokraziarekin lotutako arloetan lan eginez. Gaur egun, immigrazio-teknikari ari da Bilboko Udalean. Kulturartekotasunaren arloa maite du, eta benetako gizarte-aldaketa dakarren oro interesatzen zaio, batez ere askotarikoak diren testuinguruei dagokienez.

IRAUNKORTSAUNA

Idoia Aldama Arana


Lankidetza- eta aniztasun-teknikaria da Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Kohesiorako Zuzendaritzan. Informazio Zientzietan lizentziaduna da, eta garapenerako lankidetzako eta gatazken kudeaketako graduondoko ikasketak egin ditu. Militante eta profesional gisa aritu da zenbait gizarte-erakundetan, betiere migrazioen, lankidetzaren, internazionalismoaren eta feminismoaren eremuetan. Elkartasuneko bidaietan eta brigadetan hartu du parte Palestinan, Sirian, Iraken, Saharan, Kuban eta Kolonbian, besteak beste. Zinema eta literatura maite ditu, batez ere kutsu soziala dutenak, salatzeko eta eraldatzeko tresna boteretsua direlakoan.

Marta García


Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da, eta kultura-kudeaketan masterduna. Gainera, graduondoko ikasketak egin ditu migrazioen, generoaren eta berdintasunerako politiken inguruan. 2008tik kulturaren eta zinemaren sektorean dihardu. Azken hamabost urteotan, programatzaile, kultura-kudeatzaile eta komunikatzaile egin du lan Uruguaiko, Argentinako, Mexikoko eta Espainiako estatuko proiektuetan. 2024an estreinatu zuen lehen film luzea, Mala reputación, Sol Infanterekin batera zuzendu zuena (SheffieldDocFest, DocsMX, DOCNYC, La Habana, CineBH). Gaur egun, (h)ari komunikazioko kooperatiba feministan eta LatAm cinema komunikabidean dihardu, eta kolaboratzaile da Irudi Berria proiektuan, non giza eskubideen inguruko trebakuntza eskaintzen duten ikus-entzunezko lanen bidez.

David Martínez Amoedo


Publizitatean eta Harreman Publikoetan lizentziaduna eta Zinema eta Telebistako goi-mailako teknikaria da. Zenbait telebista-katetan aritu da; besteak beste, Agencia Atlas, Información TV eta Alacantí TV kateetan. Azken aldian, enpresentzako komunikazioan dihardu, gizarte-erantzukizunaren eremuan, eta askotariko erakundeentzat egiten du lan —Berdeago euskal ingurumen-azoka eta abar—. Era berean, beste gizarte-proiektu batzuk lantzen ditu, EmakumeEkin elkartearentzat, adibidez. Marketin-agentzia batean egiten du lan, eta, aldi berean, hezkuntzan aritzeko ari da prestatzen.

GENERO EKITATEA

Teresa Campos López


EHUko Hezkuntza Fakultateko irakaslea eta ikertzailea. Ondarearen Kontserbazioan lizentziaduna da, eta arkeologo eta ondare-hezitzaile jardun du, harik eta EHUko Hezkuntza Fakultateko plaza baten bidez akademiara esklusibotasunez lotu den arte. Hastapenetan, lotura estua izan zuen mundu islamikoarekin, bere ikerketa-esparruetako bat baitzen. Gaur egun, hainbat ildotan dihardu lanean, hala nola ondare-loturetan eta -sozializazioan, arkeologia feministan eta baterako hezkuntzan.

Izaskun Inunciaga García


Nutrizionista da prestakuntzaz, eta Osasun Publikoko Masterra eginda dago; alabaina, ekintzaile-bihotza du, eta justiziaren aldeko borrokan konprometituta dago. Duela urte batzuk boluntario-lanak egin zituen Bilbotik Perura erakundean, Alto Trujillo barrutiko Defensoría de la Mujer erakundean, hain zuzen.  Gaur egun, hezkuntza-teknikaria da Adeco Elkartea GGKEan, eta gizarte-eraldaketa sustatzeko proiektuak eramaten ditu aurrera Bizkaian. Etengabe ikasten ari den feminista da, eta emakumeen, amen eta haurren eskubideen aldeko ekintzailea.

Dominic Wyatt Nimmo


Historia Garaikidean eta Zientzia Politikoetan lizentziaduna Manchesterreko Unibertsitatean, eta garapenerako lankidetzako eta ekintza humanitarioko graduondoko ikasketak egina. Hogeita hamar urtetik gora daramatza garapenerako lankidetzaren eta elkartasunaren alorrarekin lotuta. Kooperante gisa aritu da Erdialdeko Amerikan, eta Euskal Herriko hainbat GGKE-etako egoitzetan egin du lan. Azken hogei urteotan, Afrikako, Latinoamerikako, Asiako eta Ekialde Hurbileko programak eta proiektuak ebaluatzen jardun du batez ere, eta GGKE-etan zein euskal erakundeetan prestakuntza eskaintzen hainbat gai xedetzat hartuta, hala nola generoa garapenaren arloan, giza eskubideetan oinarritutako ikuspegia, proiektuen kudeaketa eta ebaluazioa. Gaur egun Nazioarteko Harremanetako irakaslea da Deustuko Unibertsitatean.

EUSKARAZ EGINDAKO LANIK ONENA

Ana Abad Diaz De Cerio


Biokimikan lizentziaduna eta Mikrobiologian doktorea EHUn. Gaur egun, EHUko Immunologia,  Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko irakaslea eta ikertzailea da. San Martin de Tours Misioen Taldea Elkarteko (AGMSMT) idazkaria da. 2009An sortu zen GKE hori, Getxon du egoitza, eta garapen integraleko proiektu bat darama Kansenya haranean, Kongoko Errepublika Demokratikoko hegoaldean. Proiektu honen helburu nagusia landa eremu honetako haurren hezkuntza bermatzea da. Hezkuntza da gizarte baten aurrerabidea eraikitzeko funtsezko oinarria. Ezagutzaren bidez, pertsonek beren inguruneko erronkei aurre egiteko eta aukera-berdintasuna sustatzeko beharrezkoak diren trebetasunak eskura ditzakete. Zalantzarik gabe, hezkuntza garapen iraunkorra eta bidezkoa lortzeko tresnarik boteretsuena da.

Marimar Hernández del Campo


Gaur egun, eta duela ia hamar urtetik, ETBko programen gaurkotasun-edukien arduraduna da. Kazetaritzan lizentziaduna da EHUn, eta lanbide-karrera osoa, lehendabizi, irratiari lotuta egon da, eta, ondoren, 2000tik, telebistari. Hainbat gairi buruzko erreportajeak eta dokumentalak zuzendu ditu 15 urtez, eta horrela ikasi du historiak kontatzen. Historia bat kontatzea da edozein edukiren oinarria. Historia bat ondo kontatzen baduzu, txinparta bat piz dezakezu, eta mundua mugitu. Planeta global honetan, non dena azkar nahi dugun, komunikatzeko modu berrietara eta hizkuntza berrietara egokitzen ahalegindu behar dugu, gazteenengana iristeko gai izan gaitezen eta belaunaldi berriek arreta jar diezaguten.

Imanol Sáenz de Ugarte Olivares


Nazioarteko Harremanetan eta Zuzenbidean graduduna eta Garapena eta Nazioarteko Lankidetza masterduna Hegoa Institutuan eta EHUn. Espainiaren hegoaldeko mugako berehalako kanporatzeak ikertu ditu, baita Latinoamerikako trantsizio ekologikoko eta ingurumen-justiziako prozesuak ere. Lekuan bertan egin du lan migratzaileen aterpetxe batean, Guatemalan, babesle laguntzaile gisa. Gizartea eraldatzeko tresnatzat du hezkuntza ez-formala, eta ildo horretan ibilbide luzea egin du boluntario gisa eskaut mugimenduan. Horretan, 8 eta 18 urte bitarteko haur eta nerabeen aisialdiko begirale da, eta gaztetxoen garapena sustatzen du gizartean pertsona kritiko, konprometitu eta aktiboak izan daitezen. Gaur egun, Garapenerako Lankidetzako teknikaria da Bilboko Udalean.

INVISIBLE EXPRESS

Nerea Aranguren Blanco


Enpresa Zuzendaritzan eta Administrazioan lizentziaduna da, eta hamar urte baino gehiago daramatza EHUn lanean. Ikasleak eta ikasle ohiak harremanetan jartzeko programak koordinatu ditu, eta sareak eta aukerak sustatu, bai unibertsitate-esparruan eta baita hortik kanpo ere. Gaur egun, unibertsitatean bertan dihardu, kultura-kudeaketaren eremuan. Artea maite du, gizarte-adierazpidea den heinean. Askotariko errealitateak ikusarazi nahi ditu, eta publiko gaztearen kezkak islatu, aldaketa positiborako eragile izan dadin.

Nekane Castillo Eguskitza


Ingurumen-teknikaria da EHUko Garapen Jasangarrirako eta Konpromiso Sozialerako Zuzendaritzan. Unibertsitate-komunitatean jasangarritasun-kultura sustatzen dihardu bertan. Ingurumen Zientzietan lizentziaduna eta Ekosistemen Zerbitzuetan doktore da EHUn. Lanbide-ibilbidean zehar, garapen jasangarriarekin, klima-aldaketarekin eta biodibertsitatearen kontserbazioarekin lotutako proiektuetan hartu du parte. Zinema jendea sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko tresna dela deritzo, gizarte-eraldaketarako baliabidea dela.

Joseba Zúñiga Ródenas


Informazio Zientzietan lizentziaduna. Funtzionarioa eta teknikaria da EHUko Garapen Jasangarrirako eta Konpromiso Sozialerako Zuzendaritzan. Arteen adarreko batxilergoko 1. mailarako Cultura Audiovisual testuliburuaren egilea (Editorial Donostiarra). Irakurtzea eta zinema atsegin ditu, eta batik bat gizarte-konpromisoa nabarmentzen duten filmak interesatzen zaizkio.

EMAKUME BATEK BURUTUTAKO LANIK ONENA

Somaya Amiri


Haurtzaroan, errefuxiatua izan zen Iranen, eta 2008an itzuli zen Afganistanera, talibanak garaituak izan zirenean. Zuzenbide-ikasketak egin zituen, baina zinema eta antzerkia dira benetan gustuko dituen alorrak. Afganistango emakumeek beren bizitzan dituzten erronkei eta tabuei buruzko hiru dokumental egin zituen. Era berean, Heraten, atzerriko bulego batzuekin lankidetzan, antzerki-prestakuntzako ikastaroak antolatu ditu neskatilentzat, eta Afganistango zenbait jaialditan hartu du parte. 2016an, antzezlan konprometitu bat egin zuen: Islama iraintzea leporatuta harrika eta erreta hil zuten neskatila bati buruzko lana zen, 2015eko benetako gertaera batean oinarritua. Handik gutxira, lehen saria eskuratu zuen film laburren jaialdi batean, eta, aretotik irtetean, bi ezezagunek labanaz eraso zuten.

Arkaitz López Sánchez


2006tik hainbat gizarte-mugimendutan hartu du parte —ikasle-mugimendua, gazte-mugimendua, mugimendu internazionalista, greba-batzordeak, erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak eta abar—. Brigadista ere aritu da Kuban, Chiapasen eta Venezuelan. Ikerketa-proiektuak egin ditu zenbait gairen inguruan: herri-boterea, demokrazia komunala, Abya Yala lurraldeko (Venezuela, Chiapas…) gizarte-mugimenduak eta abar. Gaur egun garapenerako lankidetzako teknikaria da eLankidetza – Lankidetzaren eta Elkartasunaren Euskal Agentzian (2019tik), eta militantea zenbait mugimendutan. Gastronomia, itsasoa eta jai-giro herrikoia maite ditu.

Grace Requejo Arce


Genero-arloko aholkularia. Psikologian lizentziaduna, genero-mainstreamingaren alorreko graduondoko ikasketak egin ditu, eta generoari eta feminismoari buruzko prestakuntza zabala jaso du. Profesional gisa laguntza eskaintzen die gizarte-erakundeei, enpresei eta administrazioei, bai eraldaketa feministarako bidean, bai gizarte-egoera zailean dauden emakumeen ahalduntzea eta enplegagarritasuna sustatzen. Gaur egun, Hirugarren Sektore Sozialean egiten du lan, EDE Fundazioan, hain zuzen.

To top
This site is registered on wpml.org as a development site. Switch to a production site key to remove this banner.