Hemen dauden pertsonak beren komunitatea eta etorkizuna ari dira eraikitzen Tabax Nité proiektuaren medio —hitz horiek «gizateria eraikitzea» esan nahi dute wolof hizkuntzan—. Hahatay elkarteak jarri zuen martxan 2020. urtean, Gandiolen, Senegal iparraldean.
Espazio honek hainbat komunitate-azpiegitura ditu: osasun-zentro bat, emakumeen etxe bat, komunikazio-zentro bat, lanbide-heziketako aretoak eta baratze bat. Hau guztia adobea, lastoa, buztina, maskorrak eta birziklatutako materialak, hala nola, pneumatikoak eta beirazko eta plastikozko botilak erabilita eraiki dira. Guztia Gandiolen ekoiztua: lauzak, sabaiak, pintura, altzariak… Den-dena!
Eredu komunitario honek emakume asko tradizioz gizonezkoenak izan diren lanbideetan hastea ahalbidetu du. Haietako batzuk ikastun gisa hasi ziren, eta, gaur egun, erantzukizuneko postuak betetzen dituzte.
Hahatayn uste dute eraikuntza bizitzaren metafora ederra dela, ingurumenari, generoari, ezagutzaren hierarkiari, ekonomiari, identitateari, erresilientziari eta abarri buruz hausnartzeko aukera ematen duena.
Kultura, Communication y Desarrollo KCD GGKEn konpromiso sendoa dugu nazioarteko lankidetzarekin, eragin politikoarekin eta gizartea eraldatzeko hezkuntzarekin eta komunikazioarekin (GEH).
Besteak beste, garapen-prozesuetan laguntzen dugu. Senegalen konkretuki, Hahatay elkarteko lagunekin bat egiten dugu lan, honako hauen babesarekin: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza eta Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Area.
Erakusketan, Tabax Nité eratzeko prozesuan parte hartu zuten pertsona ugari ezagutzeko aukera izango duzue. Irudiak Marta Moreiras eta Ina Thiam argazkilariak emandako tailerraren emaitza dira, argazkien egileak parte hartu duten gazteak direlarik.
Erakusketa montatuaren adibidea

Alassane Niang:
Père Ngari izeneko griot baten semea da; hots, Gandioleko historiako zaindari handienetako batena. Amaren semerik zaharrena zenez, goiz hartu nahi izan zituen erantzukizunak bere gain, eta, laugarren mailan, eskola uztea erabaki zuen. Horrela hasi zen igeltserotza-taldean. Lehendik ezagutzen zuen lanbidea, ikasle zela oporretan aritu baitzen.
Alassanek natura aukeratu du bere lanaren ardatz; izan ere, lanaren izenburua SAM ALAM («Naturari omenaldia») da.

Aminata Mbaye:
2002an jaioa, Tabax Nité guneko balio anitzeko emakumeetako bat da. Hasieran, igeltsero egin zuen lan, eta eraikin asko egiten lagundu zuen. Orain, ordea, Nité Gandiol taldean dihardu. Talde hori ehungintzan eta joskintzan aritzen da eskualde berean, eta horretan erosoago sentitzen dela dio Aminatak. Emakume aktiboa eta jakingura da.
MALAW zaldiaren izena aukeratu du bere seriearen izenburu gisa, animaliak obran duen eginkizun garrantzitsua goraipatzeko. Zaldi haren jabea heroi nazional historiko bat izan zen.

Arame Thiam:
Aitak berak inspiratu zuen eraikuntza-taldean sartzeko, eta Hahatayn lan egitera animatu zuen. Soldatzaile gisa trebatu zen, eta orain aulkiak egiten ditu. Umea galdu ondoren, ahalik eta ondoen aprobetxatu nahi du Tabax Nitén ikasitakoa, ama zaintzeko. Beti irribarretsu dagoen eta energia positiboa ematen duen emakume indartsutzat dute.
Rama Gayerekin batera, GOOR BAXNA, JIGEEN BAXNA («Badago gizonezkoen edo emakumezkoen lanik?») seriea egin du.

Binetou Mbaye:
2002an jaioa, jakin-minez sartu zen eraikuntza-taldean, lagunak han lanean ikusi zituenean. Abentura horrek igeltserotza lanbidetzat hartzea ekarri zion. Aitari lagundu nahian, lanean hasteari ekin zion, eta, gaur egun, Tabax Nité guneko emakumerik trebatuenetako bat da. Lagunen iritziz, indar fisiko izugarria du, eta lana azkar eta zuzen egiteko gaitasun handia.
Binetouren lana eraikinen definizioari buruzkoa da, hori baita obraren kanpoko aurkezpen-gutuna.

Coumba Ndiaye:
Dakarrekoa da jatorriz, baina Gandiolen bizi da duela hamar urtetik hona. Orain bost urte Hahatayrekin eraikuntza-lanetan hasi ziren emakumeetako bat da. Dekandoo arte-egoitza sortzen hartu zuen parte, eta orain Tabax Nité guneko neska-taldearen koordinatzailea da. Hitzaldiak ematen ditu, genero-ikuspegiak eraikuntzan duen garrantzia azaltzeko helburuarekin.
UBI YOON («Bideak irekitzea») da haren seriea; zoladuraren funtzio nagusia jartzen du agerian, espazioak eta jendea batzea, alegia.

Mamadou Lamine Diagne:
Gandiolen bizi zela, jostun aritu zen, eraikuntzan hasi aurretik (lurra eta lastoa erabilita). Gaur egun, eraikinen akaberan espezializatuta dago. Mamadou Laminek eredu ona izan nahi du anai-arrebentzat eta gainerako senitartekoentzat, horiek baitira bere motibazio-iturria.
Mamadouk beren herriaren alde lan egitera gonbidatzen ditu gazteak, KAYLEEN ÑU LIGEEY («Zatozte lanera») lanean.

Pape Daouda Diouck:
19 urte zituela, Gandiolgo gazte horrek eskola uztea erabaki zuen zortzigarren mailan, 2017an aita hil ondoren, ama zaintzeko. 2020. urtearen amaieran, Baan ak Suuf eraikuntza-taldean sartu zen. Orain, esperientzia handia du eraikuntzan lurra erabiltzen. Maiz erabiltzen da sistema hori Tabax Nité gunetik kanpo, eraikinak eraiki edo konpontzeko.
Haren lana DEF’ART da, sormenera gonbidatzen duen hitz-joko bat.

Rama Gaye:
Aulkiak egiten ditu; ehuntze-lanaz arduratzen da, zehazki. Seigarren mailara arte ikasi zuen, eta, ondoren, jostun-lanetan aritu zen bi urtez. Dakarrera eta Casamancera ere joan behar izan zuen, etxekoandre jarduteko. Orduan erabaki zuen Gandiolera itzultzea eta Tabax Nitéko taldean sartzea; ehuntze-lanetan trebatu zen han. Gaur egun, dekorazio-objektuen fabrikazioaren bidez garatzen du bere sormena.
Arame Thiamekin batera, GOOR BAXNA, JIGEEN BAXNA («Badago gizonezkoen edo emakumezkoen lanik?») seriea egin du.

Rama Niang:
Bertakoa da, Ndiol herrikoa. Hirugarren mailara arte ikasi zuen, eta, ondoren, 2019an, sukaldaritza-negozioan jardun zuen izebarekin, Saint Louisen. Pandemian, Gandiolera joan zen, eta eraikuntzaren negozioaren berri izan zuen han. Emakume independentetzat du bere burua, eta, hain zuzen, independentzia hori da Tabax Nité gunera eraman zuen motibazio-iturri nagusia.
Rokhaya Diopekin batera egin du lana («Lokatza eta lastoa»), eta Gandioletik igaro diren lagunei zuzendutako keinu bat da, elementuen eta pertsonen arteko nahasteen garrantzia agerian jartzen duena.

Rokhaya Diop:
Gandiolen lehen hezkuntzako eskolara joan zen, eta, amaitutakoan, Casamance herrira joan zen, izebari semearekin laguntzera. Aitak, arrantzale ibilitakoak, osasun-arazo bat izan zuen, eta, horren ondorioz, Rokhaya etxera itzuli eta Baan ak Suuf taldeari batu zitzaion. Onartu du lehen ez zela oso aktiboa, baina talde-dinamikak izugarri motibatzen duela lanean.
Rama Niangekin batera egin du lana («Lokatza eta lastoa»), eta Gandioletik igaro diren lagunei zuzendutako keinu bat da, elementuen eta pertsonen arteko nahasteen garrantzia agerian jartzen duena.

Satala Dièye:
Gandiolen 1998an jaioa, haurtzaroa Kaolacken eman zuen. Familiaren mina zuenez, haiekin itzuli eta etxeko obrak kudeatzea erabaki zuen. Gaur egun aita Espainian bizi da, baina horrek ez du eragotzi Satala eraikuntza-taldean sartzea, lana lortzeko eta autonomoa izateko. Baan ak Suuf taldearen ustez, ezinbestekoa da taldean, lanak azkar egiten dituelako.
Satalaren serieak JIGEEN AK TABAX («Emakumeak eta lana») du izena, genero-ikuspegian oinarritu dela azpimarratze aldera.