DEFENDATZAILE

Erakusketa honetako argazkiek Giza Eskubideen Emakume Defendatzaileak eta erreferente komunitarioak erretratatzen dituzte, begirada antikolonial, feminista eta intersekzional batetik. Hainbat lurraldetako emakumeak dira, eta aurre egiten diete estraktibismoan, harrapaketan, mugetan, arrazakerian eta gorputzen eta lurraldeen esplotazioan oinarritutako sistema kapitalista global baten ondorioei. Haien borrokak ez dira indibidualak: emakume bakoitza bere komunitate, erakunde eta herriekin batera estatuek, nazioz gaindiko enpresek eta egitura patriarkalek eragindako askotariko indarkerien aurrean eraikitako erresistentzia-prozesu kolektiboen irudia da.

Erretratuaren bidez, aurpegi bat erakutsi ez ezik, emakume horiek defendatzen dituzten memoriak, historiak eta lurraldeak aintzat hartu ere nahi da. Sendatzaileak, nekazariak, buruzagi indigenak, emakume arrazializatuak eta jatorri afrikarreko emakumeak, herri-komunikatzaileak, eta uraren, basoaren eta mundu-ikuskeraren zaindariak; hautaketa horrek bizitzaren, lurraren eta gizarte-justiziaren defentsa komunaren aldeko askotariko ahotsak biltzen dira argazkiotan.

Entzutea, topaketa eta defendatzaile bakoitzaren denbora eta espazioekiko errespetua izan dira erakusketaren oinarriak. Argazki-prozesuak geografiari, hizkuntzari, espiritualtasunari eta antolaketa kolektiboari lotutako errealitateei laguntzea eta horiek dokumentatzea du helburu, irudiak sortzea baino gehiago. Begirada biktimista batetik urrun, argazkiek duintasunari, erresistentziari eta esperantzari buruz hitz egiten digute. Gerrak, behartutako lekualdaketak eta bizitzaren merkantilizazioak markaturiko mundu batean, emakume horiek bestelako etorkizun batzuei eusten diete.

 IMANOL BUENO BERNAOLA, idazle eta argazkilaria

Mundu osoan, giza eskubideen defendatzaile asko eta asko emakumeak dira, eta lehen lerroan daude lurraldearen, ondasun komunen, herri indigenen eskubideen, ingurumen-justiziaren, genero-berdintasunaren, eta sexu- eta ugalketa-eskubideen defentsan. Haien konpromisoa funtsezkoa da gizarte bidezkoagoak, inklusiboagoak eta demokratikoagoak eraikitzeko.

Historian zehar, lorpen sozialak ez dira inoiz berez etorri. Milaka pertsonaren ahaleginaren, antolamenduaren eta ausardiaren emaitza izan dira. Eskubideak konkistatu egin behar izan dira, eta kendu nahi zizkigutenen aurrean defendatu.

Halere, giza eskubideak defendatzeak kostu handia du oraindik. Herrialde askotan, defendatzaileek aurre egin behar izaten diete kriminalizazio-prozesuei, jazarpenari, mehatxuei, espetxeratzeei, behartutako erbesteratzeei eta hilketei. Emakumeen kasuan, indarkeria horiek larriagotu egiten dira, generoarekin lotutako diskriminazio eta eraso espezifikoen ondorioz, eta horrek, gainera, haien senitarteko eta komunitateei ere eragiten die.

Errealitate horren aurrean, Kultura Communication y Desarrollo (KCD GGKE) erakundeak bultzatutako erakusketa honek giza eskubideak defendatzen dituzten emakumeen lana aitortu eta ageriko egin nahi du. Baina, horrez gain, funtsezko gai bati buruz gogoeta egitera ere gonbidatzen gaitu: Zer egin dezakegu, nork bere testuinguruan, haien lana babesteko eta giza eskubideak defendatzen laguntzeko?

KCD ONGD, Kultura, Communication y Desarrollo.

DUINTASUNA

NADIA DOMINGUEZ PASCUALES

(Kolonbia)

Zuzenbidean doktorea eta dibertsitate funtzional nabaria duten emakumeen eskubideen defendatzailea, feminismo inklusibo eta intersekzionala bultzatzen du esparru politikotik.

“Desgaitasuna dugun emakumeok diskriminazio bikoitza edo hirukoitza jasaten dugu, eta ikusezin bihurtzen gaituzte etengabe, baita feminismoaren barruan ere.”

Dibertsitate funtzional fisikoa duten emakumeen eskubideen aldeko legelari, ikertzaile eta ekintzailea da Nadia Domínguez Pascuales. Eztabaida publikoetan maiz agertzen ez den errealitate bat agerian jartzen eman du bere lanaren zati handi bat; hain zuzen ere, emakume horiek ordezkaritza eta erabaki politikoko guneetan duten presentzia urria ezagutzera ematen.

Barranquillan jaio zen, Kolonbian, eta Euskadin bizi da, non bere prestakuntza akademikoari jarraipena eman baitio, zuzenbideko ikasketak homologatu ondoren. Bere ikerketa-ibilbidea lehen eskutik ezagutzen duen esparru batera bideratu du. Esperientzia pertsonalak eta gizarte-kontzientzia sakonak bultzatuta, hau galdetu zion bere buruari: nork hartzen du parte, benetan, politika publikoen eraikuntzan eta nor dago fokuetatik kanpo?

Bere doktorego-ikerketan, Espainian dibertsitate funtzional nabarmena duten pertsonen ordezkaritza politiko txikia dokumentatu du, eta arreta berezia jarri du emakumeen egoeran. Lan horren bidez, agerian utzi du, batetik, ordezkaritza oso txikia dela, eta, bestetik, emakume askok bizitza publikoan parte hartzea eragozten duten oztopoak, aurreiritziak eta isiltasunak daudela oraindik ere.

Nadiak feminismo erabat inklusiboa behar dela defendatzen du; emakumeek bizi dituzten esperientzien aniztasuna onartzeko gai dena, alegia. Ikuspegi paternalisten edo asistentzialisten aurrean, parte hartzeko eskubidea, autonomia eta aitorpen sozial zein politikoa aldarrikatzen ditu.

Haren lanak ikerketa, hausnarketa kritikoa eta konpromiso zibikoa uztartzen ditu. Behin betiko erantzunak eman ordez, aspalditik ezezaguna den errealitate bati buruz hitz egiteko esparruak irekitzea du helburu, eta emakume bat ere, dibertsitate funtzionala duelako, erabateko herritartasunetik kanpo gera ez dadin laguntzea.

AYA ZOUHAIR

(Maroko)

Antzezle eta kantari marokoarra Adingabea zela migratu ondoren, bazterketari eta prekarietateari aurre egin zien, ikasteko eta etorkizun duin bat eraikitzeko borrokatzen zen bitartean.

“Muga zeharkatzea beldurrari ihes egitea zela pentsatu nuen, baina beldurrak luzaroan jarraitu zuen nirekin.”

Aya Zouhair Tetuanen jaio zen, Marokon, eta ahizparekin eta lagun batekin batera Ceutarako bidaiari ekin zion. Ipar Afrikako gazte askok bezala, aukera gehiagoko eta autonomia handiagoko bizitza bat lortzeko aukeraren bila zebilen. Pauso hura ibilbide baten hasiera izan zen, ziurgabetasunak, prekarietateak eta erabaki zailak hartzeko etengabeko beharrak baldintzatutako ibilbide batena.


Espainiara iritsi ondoren, adingabeen zentroetan, aterpetxeetan eta etxebizitza prekarioetan izan zen, eta zaurgarritasun handiko aldietatik igaro zen. Urte horietan, bere egoera erregularizatzeko oztopo administratiboak, diskriminazioak eta bizi-baldintza bereziki gogorrak jasan zituen. Hala eta guztiz ere, bere bizi-proiektua berreraikitzeko, ikasteko eta egonkortasuna aurkitzeko esparruak bilatzen jarraitu zuen.


Haren historia erreportajeen, dokumentalen eta lekukotasun publikoen bidez eman zen ezagutzera, eta, horri esker, migratzaile gazte askoren errealitatearen berri izan zuen gizarteak. Datuak eta mugei buruzko eztabaidak alde batera utzita, haren esperientziak migrazio-prozesuen giza ondorioak erakusten ditu: senitartekoekiko bereizketa, hauskortasun ekonomikoa, deserrotzea eta beldurra, baita erresistentzia-ahalmena ere.


Ayak bi lurralderen artean hazi diren gazteen belaunaldi bat ordezkatzen du. Gizarteko partaide izateko modu berriak eraiki dituzte gazte horiek, betiere beren sustraiekin lotura hautsi gabe. Gaur egun, bere bide pertsonal eta sortzailea garatzen jarraitzen du, abeslari eta aktore gisa trebatzen ari baita. Bere esperientzia partekatuz, haur eta gazte migratzaileen errealitatea agerian jartzen lagundu du, eta duintasunari, harrerari eta giza eskubideei buruzko kontzientzia kolektiboa sustatzeko tresna bihurtu du bere bizipen pertsonala.

LURRALDEA

DALILA ARGUETA

(Honduras)

Ekintzailea eta lurraldearen eta Guapinol ibaiaren defendatzailea. Hondurasko Giza Eskubideen Defendatzaileen Sare Nazionaleko eta IM-Defensoras koalizioko kidea da.

“Ama lurra bizitza da; lurraldea defendatzea gure komunitateen duintasuna eta etorkizuna defendatzea da.”

Dalila Argueta Guapinolen jaio zen, Hondurasko iparraldeko komunitate batean, zeina estuki lotuta baitago milaka pertsonaren bizitza ahalbidetzen duten mendi eta urekin. Lurraldearen defentsarekin duen konpromisoa lurrarekiko eguneroko harreman horretatik sortu zen, eta ondasun komunak salgai bihurtu ezin diren uste sendotik.

Meatze-proiektu bat eskualdeko ur-iturri ugariren sorleku den natura-erreserba batean baimendu zutenean, Guapinoleko komunitatea bere ingurunea babesteko eta bere eskubideak errespeta zitezen eskatzeko antolatu zen. Dalilak aktiboki parte hartu zuen auzokideek bultzatutako erresistentzia-prozesu kolektibo horretan, eta ustiapenaren ingurumen-inpaktuak salatu eta beren lurraldearen etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zuten.

Errepresioarekin, kriminalizazioarekin eta defentsa komunitarioko buruen jazarpenarekin erantzun zioten mobilizazioari. Bere bizitzaren aurkako mehatxuen ondorioz, Dalilak Honduras utzi behar izan zuen, eta erbestetik jarraitu lanean. Ordutik, bizirik mantendu du Guapinolen gertatutakoaren salaketa, eta parte-hartzea indartu giza eskubideen eta ingurumenaren defendatzaileen sareetan.

Gaur egun, Bizkaian bizi da, eta beste borroka batzuekiko aliantzak eta elkartasun-esparruak antolatzen jarraitzen du. Haren esperientziak agerian uzten ditu lurra eta ura eskala handiko interes ekonomikoen aurrean defendatzen dutenek dituzten arriskuak, baina baita antolaketa kolektiboak, elkar zaintzeak eta erresistentzia komunitarioak bizitza defendatzeko tresna gisa duten indarra ere.

Haren ibilbideak gogorarazten du uraren, lurraldearen eta bizitzaren defentsa ez dela soilik ingurumen-kausa bat, eta komunitateen memoria, duintasuna eta etorkizuna babesteko modua ere badela.

ANSELMA MARGARITO

(Mexiko)

Gazte defendatzaile otomia. Samir Flores Soberanes Herri Indigenen Etxean parte hartzen du, etxebizitza duinerako eskubidea eta indigenen eskubideak defendatzeko.

“Erresistitzen jarraitzen dugu ez dugulako amore eman nahi, ez dugulako geure burua saltzen eta gure komunitatea defendatzen jarraitzen dugulako.”

Anselma Margarito gazte otomia da, eta Mexiko Hirian bizi den komunitatea defendatzen du. Queretaroko familia migratzaile bateko alaba, hirigune handietara joandako komunitate indigena askok bizi izan dituzten zailtasunen artean hazi zen: bizileku prekarioak, arrazakeria, bazterketa eta oinarrizko eskubideen ukapena —hala nola, etxebizitza-eskubidearen, hezkuntza-eskubidearen edo zerbitzu publikoak berdintasun baldintzetan eskuragai izateko eskubidearen ukapena—.


Oso gaztetatik, bertatik bertara bizi izan zituen desberdintasun horien ondorioak. Haren familiak otomiera hitz egiteagatik eta bere tradizio kulturalei eusteagatik jasandako diskriminazioak sakonki markatu zuen haren kontzientzia soziala. Denborarekin, esperientzia hori konpromiso kolektibo eta jatorrizko herrien eskubideen defentsa irmo bihurtu zen.


Azken urteotan, zeregin aktiboa izan du komunitate otomiaren etxebizitza duin baten aldeko borrokan, baita Mexikoko hiriburuan bizi diren komunitate indigenen eskubideen aldekoan ere. «Samir Flores Soberanes» Herri eta Komunitate Indigenen Etxea 2020an sortu zen, Herri Indigenen Institutu Nazionala izandakoa okupatu ondoren. Gune horretako kide gisa, erakundeek beren konpromisoak ez betetzeari aurre egiteko antolaketa-, salaketa- eta erresistentzia-prozesuetan hartu du parte.


Haren ahotsa erreferentzia da arrazakeria eta bazterketa nagusi diren testuinguruetan, beren identitatea, kultura eta eskubideak defendatzen dituzten emakume indigena askorentzat. Haren ibilbideak agerian uzten du etxebizitzaren, lurraldearen, hizkuntzaren eta duintasunaren aldeko borroka bizitzaren eta justiziaren defentsaren barruan dagoela jatorrizko herrientzat.

GATAZKA ETA ERRESISTENTZIA

JALDÍA ABUBAKRA

(Palestina)

Defendatzaile feminista, antikolonialista eta ekintzaile palestinarra da, Gazako errefuxiatuen kanpamendu batean jaioa. Alkaramaren sortzailea eta Masar Badileko kidea da.

 “Palestinan gertatzen dena ez da gatazka bat: kolonizazioa, okupazioa eta apartheida da.”

Jaldía Abubakra erbestea antolaketarako, memoriarako eta erresistentziarako gune bihurtu duten emakume palestinarren belaunaldi bateko kidea da. Gazan jaio zen, 1948ko Nakbaren ondoren ihes egindako errefuxiatuen familia batean, eta desjabetzearen, lekualdaketaren eta norberaren lurrean bizitzeko eskubidearen aldeko borrokaren historia kolektiboak markatuta hazi zen.

Haren ibilbidea estuki lotuta dago aktibismo politikoari eta Palestinako herriaren eskubideen defentsari. Espainiako estatutik, elkartasun internazionalistako gune askotan hartu du parte, baita Palestinako diasporak bultzatutako ekimenetan ere, Palestinaren memoria bizirik mantentzeko eta okupazioaren eta erbestearen ondorioak salatzeko.

Alkarama emakume palestinarren mugimenduaren sortzaileetako bat da. Erakunde feminista, laikoa eta antikoloniala da, eta emakume palestinarrek erresistentzia-prozesuetan parte hartzea sustatzen du, elkarri laguntzeko sareak indartzen ditu, eta komunitate arabiarrei eta palestinarrei eragiten dieten estereotipoen aurka egiten du.

Hauek dira erakundearen konpromisoetako batzuk: errefuxiatu palestinarren itzulera-eskubidea defendatzea, preso politikoen askatasuna aldarrikatzea, okupazioaren amaiera eskatzea eta herri palestinarraren autodeterminazio-eskubidearen aitortzea. Kanpainen, topaketen, sentsibilizazio-jardueren eta lan komunitarioaren bidez, justiziaren eta giza eskubideen aldeko borroken artean loturak ehuntzen laguntzen du.

Jaldíaren ibilbideak gogorarazten digu diasporatik ere eraikitzen dela palestinarren erresistentzia. Haren lanak erakusten duenez, memoria, identitatea eta antolamendu kolektiboa duintasunari eusteko, itxaropena izateko, eta deserriaren eta bidegabekeriaren aurrean bizitza defendatzeko tresnak izan daitezke.

MANSOURA BACHARI

(Mendebaldeko Sahara)

Ekintzaile sahararra, Saharako Emakumeen Batasunaren Espainiako koordinatzailea da. Saharar herriaren giza eskubideak eta autodeterminazioa defendatzen ditu.

“Egunero izaten dira ekintzaile sahararren aurkako giza eskubideen urraketak, nazioarteko komunitatearen begirada axolagabearen aurrean.”

Mansoura Bachari ekintzaile sahararra konprometituta dago saharar herriaren giza eskubideen, justiziaren eta autodeterminazio-eskubidearen defentsan. Haren ibilbidea lotuta dago emakume sahararrek beren herriaren nortasuna zaintzeko, antolamendu komunitarioa indartzeko eta Mendebaldeko Sahararentzat bidezko irtenbide baten aldarrikapena bizirik mantentzeko egindako lanari.

Espainian bizi da, eta parte-hartze aktiboa du sentsibilizaziorako, nazioarteko elkartasunerako eta giza eskubideen defentsarako guneetan; sahararrek errefuxiatuen kanpalekuetan eta lurralde okupatuetan bizi duten egoeraren berri ematen du haietan. Kausa hori agerian jartzeko lan egiten duten erakundeekin —sozialak, feministak eta lankidetzakoak— elkarlanean garatzen du bere lana.

Saharako Emakumeen Batasun Nazionaleko eta Espainiako estatuko emakume sahararren sareetako kide da, eta emakumeen parte-hartzea, aukera-berdintasuna eta elkarri laguntzeko guneen eraikuntza indartzeko ekimenak bultzatzen ditu horietatik. Bere esku-hartzeetan, emakumeek hezkuntzan, gizarte-antolamenduan eta saharar herriaren memoria kolektiboaren zaintzan izan duten funtsezko zeregina nabarmentzen du.

Haren ahotsa emakumeen lidergoaren tradizio luze baten parte da, zeinak komunitate-bizitzari eutsi baitio erbesteratze- eta lekualdatze-testuinguruetan. Bere lanaren bidez, herrien eta gizarte-mugimenduen arteko zubiak eraikitzen laguntzen du, eta agerian jartzen du giza eskubideen, duintasunaren eta askatasunaren defentsa oraindik ere zeregin kolektiboa dela.

MARIE LUCÍA OLGA MONSHENEKE

(Kongoko Errepublika Demokratikoa)

Ekintzaile eta feminista afrikarra, FAMEK Elkartearen sortzailekidea. Bilbotik, sare komunitarioak eta prozesu kolektiboak sustatzen ditu, Afrikatik migratu duten emakumeekin batera.

“Sareak eta sinergiak sortzen ditugu, bazterketaren eta desberdinkeriaren aurrean elkarrekin indartzeko.”

Marie Lucía Olga Monsheneke Bilbon bizi den gizarte-ekintzailea da, eta emakume afrikarren eskubideak defendatzen ditu. Kongoko Errepublika Demokratikokoa da jatorriz. Haren ibilbidean, migrazio-esperientziak izan du eragina, eta, ildo horretan, konpromisoa hartu du emakume migratzaile askok dituzten zailtasunak antolamendurako, elkarri laguntzeko eta ahalduntze kolektiborako gune bihurtzeko.

Euskadira iritsi zenetik, migratzaileei —batez ere emakume afrikarrei— eragiten dieten desberdintasunak eta diskriminazio-moduak nabarmentzeko lanean ari da. Etxebizitza eskuratzeko, lana lortzeko edo gizartean parte hartzeko oztopoak salatzen ditu, baita beste herrialde batzuetatik datozenen eguneroko bizitza oztopatzen duten aurreiritzi eta estereotipoak ere.

Kongoko eta jatorri afrikarreko emakumeen Euskadiko FAMEK elkartearen sortzaileetako bat eta presidentea da. Aukera-berdintasuna, giza eskubideen defentsa eta emakumeen arteko komunitate-sareak indartzea sustatzen du FAMEKek. Prestakuntza-jardueren, kultura-topaketen eta sentsibilizazio-ekintzen bidez, komunitateen artean zubiak eraikitzen laguntzen du, eta jatorri afrikarreko emakumeei bizitza publikoan gehiago parte hartzen.

Marie Lucíarentzat migrazioa erresistentzia- eta erresilientzia-esperientzia bat ere bada. Migratzaileen inguruko imajinario arrazistak desegitea bere lanaren helburua, eta emakumeek antolatzeko eta laguntzeko duten eta kide, duin eta herritar izateko modu berriak kolektiboki eraikitzeko duten gaitasuna aldarrikatzea.

MEHATXUA ETA BABESA

FÁTIMA DJARA

(Guinea Bissau)

Emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea, Dunia Musso elkarteko presidentea eta kulturartekotasun-teknikaria Munduko Medikuak elkartean. Emakumeen genitalen mutilazioa jasan zuen eta salatzen du.

“Ulertu nuen emakumeen genitalen mutilazioa ez zela ez tradizioa ez gure patua, emakumeen aurkako muturreko indarkeria-modu bat baizik“

Fátima Djara Sani ekintzailea, kulturarteko bitartekaria eta emakumeen eskubideen defendatzailea da. Ginea Bissaun jaio zen, eta bi hamarkada baino gehiago daramatza Nafarroan. Mandinga etniako familia batekoa da, eta emakumeen genitalen mutilazioa egin zioten neskato zela. Esperientzia horrek oso baldintzatu du haren bizitza, eta, urte batzuk geroago, salaketa- eta sentsibilizazio-tresna bihurtu zuen.

Bereziki, Afrikako komunitate migratzaileen barruan emakumeen genitalen mutilazioa prebenitu eta emakume eta nesken sexu- eta ugalketa-eskubideak sustatzen ditu. Kulturarteko bitartekari gisa, lan handia egin du laguntza, prestakuntza eta elkarrizketa komunitarioa eskaintzeko, uste osoa baitu informazioa, hezkuntza eta lan kolektiboa funtsezkoak direla giza eskubideak urratzen dituzten praktikak desagerrarazteko.

Emakume afrikarren elkarteak bultzatu ditu eta profesionalei zein gizarteari oro har zuzendutako sentsibilizazio-ekimenetan hartu du parte, berdintasunari, osasunari eta eskubideei buruzko hausnarketa-guneak irekitzen lagunduta. Ginea Bissaun ere jardun du, eta belaunaldi berriei zuzendutako hezkuntza-proiektuak sustatu ditu bertan, belaunaldi horiek ezinbestekoak direlakoan gizarte-aldaketek iraun dezaten.

Fátimak aldaketa kolektiboa bultzatzeko erabiltzen du bere historia pertsonala. Munduan milioika emakumeri eragiten dien indarkeria salatzen du, baina komunitateek tradizio kaltegarriak zalantzan jartzeko eta duintasunean, askatasunean eta berdintasunean oinarritutako aukerak sortzeko duten gaitasuna ere aldarrikatzen du.

ADELA OMID

(Afganistan)

Talibanak 2021ean itzuli ondoren erbesteratutako gazte afganiarra. Gizarte-komunikatzailea eta hazara etniako kidea, emakumeek eskubideak eta askatasunak galdu dituztela salatzen du.

“Ez dut inoiz ahaztuko egun hori; negarrez irten nintzen nire herrialdetik, alde egitera behartu baininduten.”

Hezkuntzak askatasuna eta bizitza publikoan parte hartzeko aukera emango zieten ustean hazitako emakume afganiar gazteetako bat da Adela Omid. Afganistanen jaio zen eta gutxiengo hazarako kide da. Gazte-gaztetatik, ikasteko eta komunikatzeko bokazio sakona garatu zuen, ezagutzarako sarbidea gizartea aldatzeko funtsezko tresna dela sinetsita.

Kazetaritza-ikasketak egiten eta komunikabideetan lehen pausoak ematen ari zen bitartean, 2021eko abuztuan, talibanak boterera itzuli ziren, eta horrek goitik behera aldatu zion bizitza. Afganistango milioika emakumek bezala, egun gutxian, desagertzen ikusi zituen hainbat hamarkadatako ahalegin kolektiboaren ondorioz irabazitako eskubide eta askatasunak. Etnia hazarako kideen, gizarte irekiago eta berdinzaleago baten aldekoen eta beste talde sozial batzuen aurkako jazarpenak Afganistan uztera behartu zituen Adela eta haren senitartekoak.

Espainiako Gobernuak ebakuatuta, Asturiasera iritsi zen; motxila bat baino ez zuen, eta etxetik indarrez joan behar izan duenaren ziurgabetasuna. Ordutik, berreraiki egin du bere erbesteko bizitza: hizkuntza berri bat ikasi du, lan-munduan sartu da, eta Afganistango emakumeen egoerari buruzko sentsibilizazio-guneetan hartu du parte.

Talibanen erregimenaren giza ondorioak salatzen ditu, emakumeak etxeko esparrura baztertu baititu, eta hezkuntzan, lanean eta bizitza publikoan jardutea galarazi baitie; aldi berean, herrialdetik urrun ere duintasuna, berdintasuna eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea defendatzen jarraitzen dutenen erresistentzia-ahalmena erakusten du.

KARLA GUEVARA

(El Salvador)

Transfeminista eta abokatua da, eta Giza Eskubideetako eta Sexu Aniztasuneko graduondokoa du. Alejandría kolektiboko zuzendaria da, eta Salvadorreko LGTBIQ+ Federazioko idazkari nagusia.

“El Salvadorren emakume transa izateak esan nahi du egunero aurre egin behar diezula diskriminazioari eta indarkeria instituzionalari.”

Karla Guevara abokatua da, transfeminista, eta giza eskubideak defendatzen ditu El Salvadorren. Haren lana LGTBIQ+ pertsonen (batez ere emakume transen) aitortzarekin, duintasunarekin eta babesa lortzeko borrokarekin dago lotuta; izan ere, emakume transak dira El Salvadorren diskriminazio, indarkeria eta gizarte-bazterketa handienari aurre egin behar dioten kolektiboetako bat.

Alejandría kolektiboko zuzendari eta El Salvadorreko LGTBIQ+ Federazioko idazkari nagusi gisa, laguntzeko, politikan eragina izateko eta defentsa juridikoko prozesuak bultzatzen ditu, eskubideen berdintasuna bermatzeko eta transfobia instituzionalari aurre egiteko. Pertsona transei eragiten dieten askotariko indarkeriak salatzen ditu, eta hezkuntzarako, enplegurako, osasunerako, parte-hartze politikorako eta identitatearen onarpen legalerako eskubidea aldarrikatzen du.

Haren izena El Salvadorreko komunitate transarentzako aurrerapausorik esanguratsuenetako bati lotuta dago: bere genero-identitatea aitortzeko ebazpen judiziala lortu duen lehen emakume transa da El Salvadorren. Dimentsio pertsonaletik harago, lorpen horrek itxaropenerako bidea ireki zien oinarrizko eskubideak eskatzen jarraitzen duten beste pertsona askori.

Karlaren aburuz, giza eskubideen defentsa zeregin kolektiboa da. Ikuspegi feministatik eta intersekzionaletik, gizarte bidezkoagoa eta inklusiboagoa eratzeko lanean dihardu, inor ez sentitzeko diskriminatuta identitateagatik edo genero-adierazpenagatik. Bere aktibismoaren bidez, gogora ekartzen digu lege-aitortza pauso bat besterik ez dela, berdintasunaren, askatasunaren eta indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidearen aldeko borroka zabalagoan.

ETORKIZUNA GARA

YAYO HERRERO

(Espainia)

Antropologoa, ingeniaria, irakaslea eta ekintzaile ekofeminista. Europako ekofeminismoaren eta ekosozialismoaren erreferentzia, bizi-eredu jasangarriak eta komunitarioak defendatzen ditu.

“Gure zaurgarritasuna aitortzea da gizarte bidezkoagoak eta jasangarriagoak eraikitzeko lehen pausoa.”

Yayo Herrero antropologoa, ingeniaria, irakaslea eta Europako ekofeminismoaren eta pentsaera ekosozialaren erreferentzia da. Hamarkada batzuk daramatza krisi ekologikoaren, gizarte-desberdintasunen eta zainketen antolamenduaren artean dagoen lotura estua agerian jartzen, eta aukerak proposatu ditu bizitzaren jasangarritasuna erabaki politiko eta ekonomikoen erdigunean ezartzeko.

Bere ibilbidean, ikerketa, irakaskuntza, dibulgazioa eta gizarte-mugimenduetako partaidetza aktiboa uztartzen ditu. Erakunde ekologistetan eta hezkuntza-erakundeetan izan ditu ardurak, eta baliabide finituko planeta batean hazkunde mugagabean oinarritutako eredu ekonomikoa zalantzan jartzen duen pentsamendu kritikoa eraikitzen lagundu du.

Haren lanak ideia sinple eta sakon bat du ardatz: gizakiok zaurgarriak gara, beste pertsona batzuk behar ditugu bizitzeko, eta sostengatzen gaituzten ekosistemen mende gaude. Autosufizientziaren eta etengabeko lehiaren fikzioaren aurrean, interdependentzia, zaintzak eta ekodependentzia aldarrikatzen ditu gizarte bidezkoago baten zutabe gisa.

Haren hausnarketek aurrerapenaz, ongizateaz eta garapenaz zer ulertzen dugun birpentsatzera gonbidatzen gaituzte, eta egungo ekonomiaren arriskuez ohartarazten digute, ez baititu naturaren mugak ezagutzen, eta balioa kentzen die eguneroko bizitza ahalbidetzen duten lanei. Ikuspegi ekofeministatik, aldi berean pertsonak eta planeta zaintzeko gai diren komunitateak garatzea proposatzen du.

Funtsean, Yayo Herrerok bizitza defendatzen du: bizitza sostengatzen duten harremanenak, bizitza ahalbidetzen duten lurraldeak, eta gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat zaintzeko erantzukizun kolektiboa.

JATOU FALL

(Senegal)

Feminista, antirrazista, gizarte-langilea, eta ekintzaile eta ikertzaile panafrikanista. DEVENIR elkarte soziokulturaleko kidea da, eta sare komunitarioen eta pentsamendu dekolonialaren sustatzailea.

“Zurien kontakizun hegemonikoa desmuntatu behar dugu, eta jatorri afrikarreko pertsonen memoria historikoa berreskuratu.”

Jatou Fall gizarte-langilea da, eta ikertzaile zein ekintzaile afrofeminista eta panafrikanista, eta Bizkaian bizi da. Haren lanak honako hauek ditu ardatz: egiturazko arrazakeriaren aurka borrokatzea, pertsona migratzaileen eskubideak defendatzea, eta jatorri afrikarreko pertsonen (batez ere, kontakizun ofizialetan ikusezinak izan direnen) memoria berreskuratzea.

Generoa, arraza eta justizia soziala uztartzen dituen ikuspegi batetik, Euskal Herriko emakume afrikarren eta jatorri afrikarreko emakumeen errealitatea ikertu du, baita Espainiako estatuko haur migratzaileen eta beltzen komunitateen esperientziak ere. Devenir elkarte soziokulturaleko kide da, eta Afrikako eta jatorri afrikarreko biztanlerien presentzia historikoa eta garaikidea nabarmentzeko proiektuetan hartzen du parte, biztanleria horiek gizartearen bazterretan kokatzen dituzten imajinarioak zalantzan jartzen laguntzeko.

Haren aktibismoak funtsezko konbikzio bat du abiapuntu: isildutako historiak berreskuratzeko eta komunitateek beren esperientziak eraiki eta kontatzeko guneak sortzeko beharra. Jatourentzat, memoria gizarte-aldaketarako eragilea ere bada, aurreiritziei aurre egiteko, diskurtso arrazistak desmuntatzeko eta kontzientzia kolektiboa indartzeko.

Ikerketaren, prestakuntzaren eta lan komunitarioaren bidez, laguntza- eta gogoeta-sareak sustatzen ditu, gizarte inklusiboagoa eta askotarikoagoa bultzatze aldera. Bere lanaren bidez, jatorri afrikarreko pertsonek historian, kulturan eta bizitza publikoan leku nabarmena izateko duten eskubidea aldarrikatzen du, eta nor garen eta nondik gatozen azaltzen duten kontakizun bidezkoagoak eta pluralagoak eraikitzen laguntzen du.

ROSI IXJAB CALEL

(Iximulew-Guatemala)

Defendatzaile poqomchi gaztea eta UVOCeko kidea da. Erakunde indigena da UVOC, eta antzinako lurraldeak defendatzearen alde eta lurrak eskuratu ahal izatearen alde egiten du.

“Emakume indigenok ahotsa goratzen ari gara, gure herrien aurkako harrapaketa eta kriminalizazioa salatzeko.”

Rosa Ixjab Calel giza eskubideen defendatzaile gaztea da, gizarte-komunikatzailea, eta Guatemalako poqomchi herriko kidea. Haren lana Unión Verapacense de Organizaciones Campesinas (UVOC) erakundeari dago lotuta. Indigenen eta nekazarien erakunde bat da UVOC, eta lurraldeak defendatzen, lurra eskuratzen, eta ondasun naturalak estraktibismoaren eta harrapaketaren mehatxutik babesten laguntzen die komunitateei.

Antolatutako emakume indigenen belaunaldi berri bateko kide den aldetik, Rosak jatorrizko herrien prestakuntza, komunikazio komunitarioa eta eskubide kolektiboen defentsa sustatzeko prozesuetan hartzen du parte. Meatzaritzako proiektuek, proiektu hidroelektrikoek eta nekazaritza-industriako proiektuek landa-komunitateetan dituzten ondorioak jartzen ditu agerian, bai eta komunitateek beren bizimodua, kultura eta lurrarekiko harremana babesteko garatzen dituzten erresistentzia-moduak ere.

Nazioarteko topaketa- eta antolaketa-guneen bidez, Guatemalako komunitate indigena askoren errealitatearen berri eman du, eta lurraldea defendatzen dutenek jasaten duten kriminalizazioa, mehatxuak eta indarkeria salatu. Orobat, emakumeek antolamendu komunitarioan duten funtsezko zeregina aldarrikatzen du, baita bizitza kolektiboak irauteko beharrezkoak diren ezagutzen, hizkuntzen eta praktiken transmisioan dutena ere.

Rosaren ibilbideak gazte indigenen indarra islatzen du: beren lurraldeetatik, memorian, autonomian eta naturaren zaintzan oinarritutako erresistentzia-moduak sustatzen dituzte. Lurraren defentsa nortasunaren, kulturaren eta herrien etorkizunaren defentsa ere badela ekartzen digu gogora.

To top
This site is registered on wpml.org as a development site. Switch to a production site key to remove this banner.